PISA 2003: Zientzia ezagutzari buruz erabili diren itemen adibideak.

Izenburua PISA 2003: Zientzia ezagutzari buruz erabili diren itemen adibideak.
Deskribapena

 

PISA 2000 eta 2003 ebaluazioetatik liberatutako Zientzietako itemak biltzen dira argitalpen honetan. Hau aurkeztuz eta aztertuz, Zientzi arloko profesionalak gogoeta egitera bultzatu nahi da beren ikasleen errendimendua hobetzen lagunduko duten alderdiak martxan jarri ahal izateko.

Beraz, hauxe da helburua, Zientzi arloko irakasleari, ikastetxeetako sailei eta arlo honi buruzko aholkularitzaz arduratzen diren profesionalei oraingo ebaluazioetan planteatzen diren galdera motak ezagutzera ematea. Galdera horien oinarrian dauden zientzi prozedurak eta horiek ebazteko aplikatu behar diren gaitasunak ezagutzea eta oraingo zientziaren aurrean jarrerak baloratzea gakoa izan daitezke eskola-programak eta ikasleen jarduerak planifikatzeko. Azkenik, eta PISAk zientzi ezagutzaren inguruan egiten duen definizioarekin bat etorriz, ikasleek gaur egun munduan diren gertaerak ulertzeko beharrezkoak diren estrategiak eta gaitasunak lortzea da helburua.

Dokumentu honetan aurkezten diren itemak hamahiru dira guztira, eta proba pilotuetan nahiz PISA 2000 eta 2003 ebaluazioetan erabili izan ziren. Hauetan, zientzia-prestakuntzaren definizioak biltzen dituen oinarrizko kontzeptuak hiru dimentsio handi ezarriz ebaluatzen dira: Zientzia-prozesuak edo trebetasunak, kontzeptuak eta edukiak eta Zientzia-ezagutza aplikatu behar den testuingurua.

Testuak eta galderak ikasleen koadernoetan aurkeztu bezalaxe erreproduzitu dira. Item bakoitzaren deskribapenak zati komun bat du –sarrerako testua, itemaren ezaugarriak, zuzenketarako irizpideak eta abar– eta lortutako emaitzei buruzko bestelako informazioarekin eta, informazio hori lehendik dagoen kasuetan, itemari buruzko oharrekin osatzen da.