HMH 2011-2013. Hezkuntza marko hirueledunaren esperimentazio prozesuaren ebaluazioa. Txosten exekutiboa

Izenburua HMH 2011-2013. Hezkuntza marko hirueledunaren esperimentazio prozesuaren ebaluazioa. Txosten exekutiboa
Data 2015eko iraila
Editatua ISEI-IVEI
Egileak ISEI-IVEI
Formatua 32801
Sintesia Hezkuntza Marko Hirueledunaren esperimentazio-prozesuari buruz egindako ikerlan zabalaren emaitza da txosten hau. Azterketaren helburua da euskara, gaztelania eta ingeles hizkuntzetan ematen den errendimendua egiaztatzea eta baita konpetentzia ez-linguistikoetan ematen dena ere (Matematikan edo Zientzietan, kasu).

 

Laburpena

Hezkuntza Marko Hirueledunaren (HMH) esperimentazio-prozesua 2010-2011 ikasturtean hasi zen, 40 ikastetxeren partaidetzarekin. 2011-12 ikasturtean eman zitzaion jarraipena deialdi berriarekin (HMH II), oraingoan 63 ikastetxe publiko eta itunpeko 49 partaide zirela. Ekimenak helburu argia zuen: ereduen sistema gainditu eta horren ordez, gutxieneko komun batzuk oinarritzat hartuta, ikastetxeei beren hizkuntza-proiektuak prestatzeko autonomia handia emango dien markoa finkatzea.
Ikastetxe bakoitza, bere errealitate soziolinguistikotik abiatuta, helmuga berera gerturatu da pixkanaka: euskararen, gaztelaniaren eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten ezagutza eta erabilera sozial eta akademikoa.
ISEI-IVEIk talde esperimental guztien eta alderaketa egiteko aukeratutako kontrol-talde batzuen ebaluazio-prozesua garatu du 2010-2011 ikasturtetik. Txosten hau ikerlan zabalaren emaitza da, honako alderdi hauek egiaztatzeko helburua izan duena: 1H eta 2H hizkuntzetan, euskaran eta gaztelanian, antzeko errendimendua gertatzen ote den HMH talde esperimentaletan eta kontrol-taldeetan; 3Hko errendimendua, kasu honetan ingelesekoa, nabarmen handiagoa ote den HMH talde esperimentaletan kontrol-taldeetan baino; eta Hizkuntzakoa ez den konpetentzien errendimendua antzekoa ote den HMH talde esperimentaletan eta kontrol-taldeetan, kasu honetan Matematikarako konpetentzia eta Zientzia-kulturarako konpetentzia.
Gainera, azterketaren bidez, esperimentazio horretako ikasleen errendimenduan testuinguruko, ikastetxeko edo banakako zer faktorek eragiten duten identifikatu nahi izan da, eta baita ere Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailan hizkuntza bakoitzean ikasleek lortzen duten EHEMB (Europako Kontseiluaren Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratua) maila zein den zehaztea.