2004. Hizkuntzak eta beren ikaskuntza euskal hezkuntza-sisteman. Lehen Hezkuntza.
Aurkibidea
1. Azterlan-proiektua
2. I. fasearen deskribapena eta laburpen-koadroa
3. Ikastetxe motak, hizkuntzen ikaskuntzaren arloan dituzten ezaugarrien eta erabakien arabera
4. Lan-hipotesiak, II. eta III. Faseetarako
5. II. fasearen deskribapena. Sei ikastetxeen eta 1-2-3 ikastetxeetako ikasle etorkinen emaitzak
6. III. fasearen deskribapena. Sei ikastetxeen eta 1-2-3 ikastetxeetako ikasle etorkinen emaitzak
7. Ikastetxe bakoitzeko ikasgelaren behaketetan nabarmendu beharreko aldeak
8. III. fasearen emaitzen azterketa, B eta D ereduetako ikasleen familia-hizkuntzaren arabera (euskara edo gaztelania)
9. Adierazle sozio-ekonomikoa eta kulturala. Azterlaneko ikasleen familia-egitura
10. Ondorioak.
11. Bibliografia.
Laburpena
Azterlan honek EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe mota adierazgarrienetako batzuetan dagoen hizkuntzen egoera deskribatu nahi du, hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntzaren kudeaketa ikasleak lorturiko emaitzekin erlazionatzen duten funtsezko elementu batzuk ezagutzeko asmoz. Beraz, asmoa ikastetxeak hartutako erabaki ezberdinek eskola hizkuntzen ikaskuntza-mailan daukaten eragina zehaztea da.
Azterlan honek agertzen dituen faktoreak, besteak beste, honakoak dira: Irakasle taldearen hizkuntza-konpromisoa, hizkuntzen ikaskuntzako antolaketa, erabiltzen duten metodologia eta estrategiak, ikasle etorkinekin egiten duten lana...
Horrela, ikastetxeen balorazioaren arabera, ikaskuntza-hizkuntzek estatus altua eta balorazio handia dituzte. Hala ere, A eredua eta murgilketa-eredu bat (B edo D) batera ematen dituzten ikastetxeetan, hizkuntza gutxituaren erabilera sustatu eta handitu, eta irakasleek eta ikasleek euskararako dituzten jarrera batzuk aldatu behar direla ikusten da oraindik. Kasu horietan, Euskararen errendimendua apalagoa da.
Bestalde, heziketa-hizkuntza pertsona gehienek ikastetxean komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntza denean, bere erabilera zabalduta dagoenean, eta eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz antolatzen direnean, ikasleek arlo horretan duten errendimendua hobea dela egiaztatu da.
Eskola ingurunean hizkuntza baterako dagoen esposizioak horren ikaskuntza zehazten du. A ereduko ikasleek euskararen esposizio txikia daukate, eta gainera, arloa irakasgai gisa lantzen dute, beste arlo batzuetako edukiak ikasteko tresna gisa erabili gabe. Testuinguru horretan, A ereduko Euskararen emaitzak oso apalak dira. Izan ere, ez dira heltzen curriculumak ezarritako gutxieneko helburuetara
Beste datu batzuen arabera, ingelesaren errendimendua hobea da goiz irakasten hasten diren ikastetxeetan; horrez gain, hizkuntza horren esposizioan emandako ordu kopurua gehitzen denean (ingelesa curriculumaren beste eduki batzuen ikaskuntza-hizkuntza gisa erabiliz), emaitzak oso onak dira.
Ikasle etorkinen hizkuntzen trataerari dagokionez, ikastetxeek ez daukate berariazko harrera plan bat. Materialak egokitu eta beharrizan gehien daukaten arloak lantzeko ahaleginak eta laguntzak burutu arren, alde hori irakasleen ardurapean dago.