Hezkuntzaren adierazleen euskal sistema bat egitea unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen (ISEI-IVEI) jarduketa-ildo iraunkorra da, eta erakunde horrek euskal hezkuntza-sistemaren ikerketaren eta ebaluazioaren arloan duen eginkizunaren ondorio da.
Proiektua ISEIren ardurapean dago eta Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoaren, Hezkuntzaren Estatistikaren Zerbitzuaren zein Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) lankidetza dauka, hala alderdi teknikoetako aholkularitzarako nola datuak eskuratzeko.
Sistema baten alderdi anitzak diseinatzerakoan aurkez daitezkeen sailkapenak asko diren arren, lau adierazle-kategoria kontuan hartzea erabaki da, sailkapen erraza eta beste hezkuntza-sistema batzuetakoekin erraz konparatzea ahalbidetzen dutenak. Hau da, testuinguruaren, baliabideen, prozesuen eta emaitzen adierazleak.
Testuinguruaren adierazleek testuinguru sozioekonomikoaren egoera esplizitatzen dute, hala nola: demografia- eta eskolatze-baldintzak, baldintza sozioekonomikoak eta kulturalak; biztanleriak hezkuntzarekiko dituen jarrerak eta itxaropenak.
Baliabideen adierazleek sistemako sarrerak (inputak) edo helburuak lortzeko dituzten baliabideak jakinarazten dituzte: baliabide materialak (ekonomikoak eta azpiegiturak) eta giza baliabideak (irakasleak eta ikasleak).
Prozesuen adierazleek informazioa ematen dute ikastetxeen antolaketa eta funtzionamenduari, hezkuntza-praktikari eta eskola-giroari buruz, kualitatiboagoak dira kuantitatiboak baino, eta lantzen zailagoak dira.
Emaitzen adierazleak hezkuntza sistemaren irtenbide edo izandako lorpenak dira: ebaluazioaren emaitzak, eskolatze-tasak, oinarrizko gaitasunak eskuratzea, jarrerak eta balioak, lortutako ziurtagiriak eta tituluak, adinaren egokitasuna derrigorrezko etapetan, lan-merkatuan sartzea eta laneko diru-sarrerak.
Ondorengo ataletan dituzu argitaratu diren azken adierazleak.